Menu Content/Inhalt

Azal-orria arrow Blogak arrow Emma Roca
Emma Roca PDF Inprimatu ePosta
Ainhoa Lendinez   
2014-11-11 08:24

Image
Ardoa bezala, urteekin onduz doa Emma Roca (Bartzelona, 1973). Hamabost urte egin zituen raidetan, 2000ean munduko txapeldun izan eta kirol "ez horren gogorrak" probatzeko beharra sentitu zuen arte: ironmanetan eta ultratrailetan hasi zen. Hamaika lasterketa irabazi ostean, Transalpine Run-en garaile izan berri da (293 kilometro). Hamaika osagai dituen puzzlea da bere bizitza. Orain, tesian dago murgilduta: ultratrailek osasunean zer eragin duten aztertzen ari da.

"Gozamena eta sufrimendua, kirolean bat egiten duten bi sentimendu". Zeuk esana da. Kirol-sufrimendua droga bat da?

Klik haundi ikusteko
Ariketa fisikoa egitean gorputzak askatzen dituen endorfinak opiazeo naturalak dira, minaren kontrako botikak baino 20 aldiz indartsuagoak eta ezinbestekoak osasunean: gorputza berreskuratzen laguntzen dute, lasaitzen, ongizatea lortzen, umorea hobetzen, zahartzea atzeratzen, mina gutxitzen eta antsietatea murrizten. Pizgarriak ere badira, eta energia txertatzen diote korrikalariari. Hori guztia kontuan hartuta, bai, kirola droga bat da, eta, egunero pixka bat egin ezean, umore txarra nagusitzen da gugan. Kirol gehiegi egiten dutenak ere badaude, ordea, eta horietako bat naiz ni [barrez].

Suhiltzailea lanbidez, biokimikaria ikasketaz, goi mailako kirolaria eta hiru seme-alabaren ama. Beste ezer egin ote liteke?

Egin liteke bai [barrez]. Ni neu kirolaren inguruko hainbat lan zientifikotan nago murgilduta orain, neure tesian eta proiektu solidario batean, esaterako. Pasioa sortzen didaten gauzak egiten saiatu naiz beti, eta pasio horrek indarra eman dit denerako.

Emakumea eta ama izatea, abantaila edo desabantaila da kirolerako?

Ama izatea oso aldaketa onuragarria izan da niretzat; indarra eman dit gauzak hobetzeko eta alaiago egiteko. Zaila da dena uztartzea, haurrekin egotea eta kirola egitea, baina saiatuz lortzen duzu. Bestalde, ama zarenean zuhurragoa egiten zara, ez duzu hartzen beharrezko ez den arriskurik. Gainerakoan, haurrek bete-betean egotea eskatzen dizute, egunero, 24 orduz, eta, horren ondorioz, lasterketa batetik berreskuratzea gehiago kostatzen da [barrez].

Noiz hasi zinen kirolean?

Betidanik izan dut kirolerako gaitasuna, eta sufritzen jakiteak ere asko lagundu dit hobetzen. Unibertsitatean hasi nintzen lehiatzen, eta, ordutik, entrenatzaileak atseden hartzeko esan arren, niretzat arraroa da egun batean ariketa fisikorik ez egitea.

Triatloiak, mendiko eta asfaltoko maratoiak, raidak. Ez al da hobe kirol bakarrean aritzea?

Baliteke, baina denetarik egiteak ez aspertzen lagundu dit niri. Jende ezberdina eta neure trebeziak ezagutzen ere bai.

Raidak pasioa izan dira zuretzat.

Bai, eskola handiena izan dira: era guztietako diziplinak ikasi ditut, burua eta gorputza muturreraino eraman eta abentura ahaztezinak bizi izan ditut, ezin amestuzko paisaiak bisitatu eta taldekideekin bizitzen ikasi. Hamabost urte egin ditut raidekin munduan barrena bidaiatzen eta sufritzen, eta, orain, fruituak jasotzen ari naiz: munduko txoko guztietan dauzkat lagunak.

Azken urteetan mendiko lasterketetan eta ultratrailetan zabiltza, ordea.

Bai, 2000. urtean munduko raid txapelketa irabazi nuen, eta, hamabost urteren ostean, kirol ez horren gogorrak probatzea eskatu zidan buruak. Ironmanetara pasatu nintzen, baina uretan ez nintzen eroso sentitzen, eta mendiko lasterketetara egin nuen jauzi. Mendia eta korrika egitea izugarri gustatzen zait, eta aldaketa naturala izan zen niretzat.

SUMMIT proiektuaren tesian buru-belarri zabiltza. Zertan datza?

Ultratrailetako korrikalarien profil fisiologiko eta genetikoaren inguruko ikerketa bat da. Haien ezaugarriak eta mugak hobeto ezagutzea da helburua, ultratrailek osasunean nolako eragina duten ikusteko eta, hortik abiatuta, arazoak saihesteko.

Klik haundi ikusteko
Eta zergatik ultratrailak?

Mendian korrika egiteak osasunean zer eragin daukan aztertu nahi dugu, ultretan batez ere, muturreko probak direlako (50-170 km). Mendi garaietako probak aztertu ditugu, urrunekoak eta gertukoak. Arriskuak gutxitu eta kirol hau ahalik eta seguru eta osasungarriena izatea nahi dugu, korrikalari amateurrentzat nahiz profesionalentzat. Horregatik, arau orokor batzuk eman nahi genituzke emaitzetan; entrenamendu, elikadura, atseden eta mediku kontrolen inguruan, kirolari bakoitzaren helburuen eta bizimoduaren arabera.

Gorputzari dagokionez, zer alde dago maratoien eta ultratrailen artean?

Maratoian muga fisiologiko batetik dator nekea; ultratrailean buruak ezarritako mugatik. Gorputzak laktatoa eta oxidatzaileak birziklatzen jakin behar du ultretan, orduetan borroka betean egoteko gai izan behar du, eta denok ez daukagu horretarako gaitasuna. Horrez gain, artikulazioetako desgastea ere badago proba luzeetan, etxeko lanak ongi egin ez badira, bereziki.

Burua ezinbestekoa da orduan?

Ultramaratoian bai, oinarrizkoa da. Kirolariaren %66 berezkoa da, genetikoa; gainerakoa inguruak baldintzatzen du, eta horretan zeresan handia dauka buruak. Ultratrailetan erraza da buruak gorputza gainditzea, eta horrek arriskuan jar dezake korrikalariaren osasuna. Horregatik, honelako kiroletan ezinbestekoa da nork bere mugak ezagutzea eta horren arabera jardutea.

Zer alde daude kirolean gizonezkoen eta emakumezkoen artean?

Alde fisiologikoak nabarmenak dira: gehieneko oxigeno kontsumo handiagoa bihotz handiagoa daukatelako, hemoglobina gehiago, gantz gutxiago eta masa muskular gehiago. Horiek direla eta, gizonezkoak azkarragoak dira emakumezkoak baino mendiko maratoietan. Emakumeok muskulu gutxiago daukagu, eta, horrenbestez indar gutxiago, baina badauzkagu abantailak ere: deshidratazioa hobeto kudeatzen dugu, eta, oro har, hobeto zaintzen dugu geure burua. Kalteak gutxitzen hobeto asmatzen dugu.

Eta distantzia luzeetan, nolakoa da alde hori?

Faktore fisiologikoa muga bat da: entrenamendua, prestakuntza eta kalitatea berdinak izan arren, gizonezkoak beti egongo dira emakumezkoen aurretik, distantzia ertainetan batez ere. Ultratrailetan, ordea, burua giltzarria da, eta, horretan emakumeok trebeak garenez, gizonezkoengana gerturatuz joan gaitezke. Emakumeok gehiago neurtzen ditugu gauzak, buruarekin jokatzen dugu, eta hori emaitzetan nabaritzen da [barrez].

Eta gizartearen eragina nolakoa da gizon-emakumeen kirol bizitzan?

Emakumeak gizonezkoak baino askoz geroago hasi ginen lehiatzen. Atera kontuak, 1983an hartu zuen parte lehenengoz emakume batek maratoi batean, Helsinkin. Gizonezkoek baino denbora gutxiago daramagu lehiatzen, eta horrek areagotu egin du errendimenduan dagoen aldea. 80ko hamarkadatik, emakumeon errendimendua hobetzen ari da poliki-poliki, baina, oro har, hamabost bat urteren aldea dago oraindik. Hau da, emakume azkarrenak 30-34 urte bitartekoak dira, baina denbora horretan dabiltzan gizonezkoak 45-49 urte artekoak dira.

Zer onura dauzka kirolak osasunean?

Ariketa fisikoak gaixotasun asko prebenitzen laguntzen du: hipertentsioa, koloneko eta bularreko minbizia, diabetesa, loditasuna, osteoporosia, sarkopenia, adinekoen mendekotasun funtzionala, hondamen kognitiboa, antsietatea, depresioa eta hilkortasun goiztiarra, besteak beste. Horrez gain, bizimodu osasuntsuak —ez erretzeak, ez edateak, osasuntsu jateak, ariketa fisikoa egiteak eta pisu egokiari eusteak— %66 murrizten du hilkortasuna.

Eta asko entrenatzea txarra da?

Asko dakigu gutxieneko jarduera fisiko osasuntsuari buruz, baina ez gehiegizkoari buruz. Esaterako, 35 urtetik gora edukita, astean bost orduz baino gehiagoz entrenatzen garenok arrisku handiagoa daukagu bihotzeko arazoak izateko —arritmia—. Horregatik, prebentzioa eta osasun azterketak egitea ezinbestekoa da.

Entrenamendua da errendimendua hobetzeko bide bakarra?

Ez, hiru dira errendimendurako oinarriak: atsedena, elikadura eta entrenamendua. Horietako bat falta bada, desorekatu egiten da dena.

Eta dopina?

Ez dakit asko dopin kontuez. Hala ere, anti-inflamatorioak hartzeak ultratrailetan alertan jartzen baditu gibela eta giltzurrunak, pentsatu ere ez dut egin nahi hormona edo proteinek nolako eragina izan dezaketen kilometroz kilometro eta ordu askoan mugan dagoen sistema batean. Gorputz bakarra daukagu, eta zain dezagun. Korrika egitearen esentzia gozatzea da, baina gorputzak ahal duen neurrian, geure burua engainatu gabe eta osasuna arriskuan jarri gabe.

Zer esango zenuke Kilian Jorneten ezaugarriez eta jardueraz?

Mito erreala da, gizatiarra, baina bakarra. Munduan oso gutxik dauzkate hark ingurura egokitzeko dauzkan parametroak, ekonomia metabolikoa eta lasterketakoa, burua eta segurtasuna kudeatzeko gaitasuna. Gaur-gaurkoz, hark baino ez dauzka ezaugarri horiek. Handia da, eta ez dugu ahaztu behar harentzat baleko direnak ez direla gainerakoontzat.

Abiadura, errekorrak… hori da mendiaren etorkizuna?

Nork bere erronkak jarri behar ditu, betegarriak, baina gozatzea helburu hartuta. Norberak aurkitu behar du kirolaren esentzia: kronometroaren aurka, hiru egunez korrika edo besterik gabe paseoan. Dena da baleko, baina zuhurtziaz jokatuta. Goi mendietan kronometroari begira ibiltzea arriskutsua da, nire ustez, baina norberak jarri behar ditu bere mugak, eta horren arabera arriskuak onartu. Oinarri horiek betetzen ez direlako izaten dira, zoritxarrez, istripuak.

Mendizalea zara, mendiko korrikalaria ere bai; baina mendiko korrikalariak mendizaleak dira?

Mendizale hitza oso zabala da: mendia gustuko duena? Menditik aurrera segitzeko indarra ateratzen duena? Hala bada, bai, mendizaleak gara. Hala ere, mendia nork bere moduan ulertuta ere, denok «mendiaren maitaleak garela» esango nuke.

Zer gomendio emango zenieke mendizale horiei guztiei?

Klik haundi ikusteko
Egin dezatela gustuko dutena, baina pixkanaka, zentzuz eta ongi prestatuta. Hobe da prebenitzea, eta ez sendatzea. Sare sozialetan dena da eskuragarri, baina modu birtualean baino ez. Edozer lortzeko lan egin behar da, sufritu, konstantea izan eta ahalegin handia egin. Arrakasta edo lortutako erronka guztien atzean dagoen lana ez da erakusten komunikabideetan, baina ez dugu ahaztu behar, egon dagoela.

Zer dakizu Euskal Herriaz?

Jendea eta herrialdea bera ikaragarriak dira. Zuen mendiak bakarrak dira, klimak gogortu egiten du jendea, eta gainerakoak baino indartsuago egiten. Inbidiagarria! Horrez gain, proba ikaragarriak dauzkazue: nire gustukoena Zegama-Aizkorri da, eta triatloi onena, berriz, Zarauzkoa.

Mendia bizitzeko moduan ere antzekoak dira katalanak eta euskaldunak?

Baietz uste dut. Urteak daramatzagu ingurua errespetatzen, eta inguruaz kirola eginez gozatzen. Horren guztiaren oinarrian kultura bat dago, bakarra, eta espero dut inoiz ez aldatzea eta gure ondorengoek ere daukagun inguru paregabeaz gozatzen segitzea.

Ba al duzu Mendi lasterketetako bizipen bereziren bat?

Klik haundi ikusteko
2011ko Cavalls del Venten izugarri sufritu nuen tripetatik. Nerea Martinez atzetik zetorren, baina harrapatu egin ninduen, eta izugarri lagundu zidan. Jaten eta edaten eman zidan, eta helmugara elkarrekin joango ginela esan. 20 urte dira Nereak eta biok elkar ezagutzen dugula, eta bizipen asko ditugu elkarrekin, baina lasterketa hartan berriz erakutsi zidan pertsona handia dela. Euskalduna ere bada; zer edo zer esan nahi du horrek, ezta?

Bada mendizale orok egin edo pentsatu beharko lukeen zerbait?

Izugarri gustatzen zait Leadville (161km, Colorado, AEB) ultratrailaren antolatzaile Ken Chlouber-en esaldi hau: "Uste duzuna baino hobea zara. Uste duzuna baino gehiago egin dezakezu".

 

 

 

 





Notizi honen berri emateko
Aupatu-ra bidaliDigg!Reddit!Del.icio.us!Google!Facebook!

Komentarioak



Komentarioak egiteko izena eman behar duzu. Sartu hemen

 
< Aurrekoa   Hurrengoa >

BARRENen ikerketa


Iragarki Laburrak

Bideo eta argazkiak